XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Une berean behorrari hedeaz kolpe bat eman, eta aurrera jarraitu zuen.

Joxek piska batean lurrean jarraitu zuen, baina derrepentetik altxatu eta atzetik joan zitzaion korrika, hanka batetik oratu eta eusteko, behor gainetik behera jaistarazi asmoz.

@- Jaitsi hadi hortik, oraingo honetan ukabilak erakutsi nahi dizkiat eta, gizonak bezala, tartean inor eta ezer jarri gabe.

Joakinek anaiak heldurik zion hanka berberaz bultza egin zion, eta astindurik askatu egin zuen.

- Neuk ere badiat beharra aspaldi honetan.

Joxek bazekien karate apurtxo bat, eta eskuak jasorik goardian jarri zen.

- Zer ari haiz egiten? Txapelketaren bat duk hau ala?.

Joakin besoak behera zituela geratua zen, eta Joxe aurpegian jotzen ahalegindu zitzaion.

Besterik gabe, jiratuz, ostikoz jo zuen.

Beste behin edo bitan ere iritsi zitzaion, eta Joakin ahotik odola zeriola ere hasi zen, bere anaia jotzera inoiz iritsi gabe.

Baina terrenoaren malkarrak berak, balantza eragin zion une batez Joxeri, eta orduan Joakinek erropatatik heldu eta geldik edukitzea lortu zuen, bularraren alturan.

Besterik gabe ukabilaz aurpegian jo zuen, indar handiz, eta atzeraka bota zuen, estrapuzu egin gabe, eta bide ertzean zegoen zanga moduko batean erori zen.

Besterik gabe Joakin gainera joan zitzaion, eta zankalatraba jarririk berriro astindu zuen.

Horretan, ordea, gelditu zen, une batez egon zitzaion begira oraindik heldurik zeukala, eta altxatu egin zen.

Behorra zegoen aldera joan eta bere kolkorako esan zuen: - Igo hadi, nahi baduk, edo joan hadi oinez.